Praktika
psikomotrizitatearen aita da Bernard Aucouturier frantsesa. 1934an jaio zen
Tours alboko herri batean. Txikitatik giro pedagogiko irekian hezia izan zen.
Aita irakaslea zuen eta antzerkia asko gustatzen zitzaiona. Freineten laguna
zen, eta haren pedagogia jarraitzen zuen. Ama, berriz, ezkerreko militantea
zen, gai sozialekin oso konprometitua zegoena eta politikan murgildua zebilena.
Giro horretan, gurasoek inoiz ez zuten behartu eskolara joatea, eta nahi
zuenean joaten zen.
Aucouturierren
jarduera psikomotrizean hiru helburu argi daude:
·
Haurrari
BERA IZATEN lagundu behar zaio, horrela SORTZEKO gai izan dadin. Horretara
iristeko haurra entzuna, onartua, lagundua, bortxatu gabe eta helduaren
nahietara makurtu gabe sentitu behar du bere burua.
·
Pertsonen
arteko harremanak. Lehenengo helburuak zuzenki bigarren honetara eramaten gaitu.
·
Piagetek
dioen pentsamendu eraginkorrerako gertutasun eta gaitasuna.
Hiru helburu hauek
dira gure ikuspegitik globalizazioa osatzen dutenak. Honen guztiaren zailtasuna
haur bakoitza ez-hitzezko eremu batetik ulertzean datza. Eskakizuna ezagutu eta
erantzun egokia ematean.
Haur bakoitzak bere
sakoneko historia pertsonalaren adierazpen motorea du, beste guztiengandik desberdina
izango dena, aniztasuna. Hau dela eta ez-hitzezko adierazpen motorea ulertzen
ikasi behar dugu; hau da, haurra nola mugitzen den, bere gorputza nola
erabiltzen duen, begiratzeko era, barre egiteko erraztasun edo zailtasuna,
negar egiteko edo bere desadostasuna adierazteko modua, erritmoa, zailtasun
baten aurrean duen arnasketa, jolasean agertzen duen kilikadura, espazioak eta pertsonak
inbaditzeko era, jokoan eta harremanetan dituen inhibizioak, bere erantzunak...
Agerpen hauei guztiei adierazpen motorea deitzen diogu.
Haur horiekin
dagoen hezitzaileak ume bakoitzaren adierazpen motrizari zentzua eman eta
garatzen jakin behar du, horretarako baliabide egokiak erabiliz.
Psikomotrizitateaz
hitz egiten denean nahitaezkoa da zenbait kontzeptu teoriko erabiltzea,
adibidez plazerraren dinamika, haurraren heldutasuna, azken hau ez bakarrik
neurologia aldetik ulertua, baita motrizitate, afektibitate eta gaitasun
kognitiboa kontuan hartuz ere.
Helburu hauek abian
jartzeko gune berezi bat behar da: psikomotrizitateko gela, material egokia eta
denbora.
Behin gela horren
barnean, sarrera eta irteerako erritualak daude, baita saio guztian zehar
mantenduko den araua ere: hemen ez da minik egiten. Heldutasunerako ibilbide
bati ekiten zaio, saio bakoitzak hasiera, bilakaera eta bukaera bat duelarik.
Alor desberdinak
lantzeko guneak daude:
1-
Berraseguratze
sakona.
2-
Sensomotor
plazerra.
3-
Joko sinbolikoa.
4-
Errepresentazioa.
Azken gune hau
Distantziazio gune izenez ere ezagutzen da. Bertan lan pedagogikoagoa egiten
da, materiala eta helduaren hizkera aldatzen direlarik.
Gune desberdinetako
jolasak haurraren garapen sortzailea, afektiboa, soziala eta kognitiboa
bultzatzeko balioko du. Baina, batez ere, haurraren deszentrazioa erraztuko du,
pentsamendu operatorioa, irakurtze-idazte prozesura hobeto hornituta
igarotzeko.
Psikomotrizitateaz
dihardugunean garapen integralaz eta jarduera batez mintzo gara.
Pertsonalki
praktika psikomotriza Haur Hezkuntzan kontuan hartu behar den ardatz nagusi eta
oinarrizkotzat daukat.
______________________________________________________________
No hay comentarios:
Publicar un comentario